Geuri buruz
“Batzuetan bihotzari entzun
behar zaio; izan ere, maitemin
profesional batetik sortu zen OPPS!!!!,
ilusioz eta proiektuz betea,
eta lanerako gogozâ€
Mertxe Peña
Txikitatik, aitari zurgintza gustatzen zitzaionez, neuk ere nire logela aldatzen nuen (eta ahizparena, gaixoa, erotu egiten nuen) behin eta berriz, a zelako jokoa eman zidan 12 m 2-ko espazio hark, bi ohek eta bi armairuk. Batzuetan oheak paraleloan jartzen nituen, bestetan litera moduan, bestetan, “L†forman; logela horiz margotzen nuen, gero zuriz, horma bat beltz utzita (sakontasuna lortzearren)... Horrez gain, margolaritza eta esku-lanen zaletasuna nuen (aulki zahar bat aurkituz gero, tuneatu egiten nuen, margo apur bat eman, oihaltxo polit bat gainean jarri, eta voilà ... aulki berria), eta horregatik, unibertsitatera joateko unea iritsi zitzaidanean, benetan asetuko ninduen zerbait aurkitu nahi izan nuen (ia erotu nintzen karrera bat egin behar horrekin) eta nire hirian bertan, arte aplikatuen eskola aurkitu nuen. Ordura arte ez nekien halakorik zegoenik ere, baina bat zetorren nahi nuenarekin.
Eta ez nintzen okertu, hasiera-hasieratik interiorismoaren munduak harrapatu egin ninduen. Orduz geroztik, ez nintzen gehiago toki berri batera iritsiko koloreetan, materialetan, formetan, argian eta abarretan arreta jarri gabe. Prestakuntza-aldi hartan asko gozatu nuen, eta amaitutakoan, zortea izan nuen; interiorismoko estudio batean lanean hasi nintzen, eta han, lanbide horren inguruko gauzak ezagutu nituen pixkanaka. Izan ere, proiektu baten alderdi estetikoa lantzeaz gainera, interiorismoan oso ondo ezagutu behar da gremioen lana, kontabilitatea menderatu behar da, eta batez ere, proiektu bakoitzak berezia izan behar du.
Eta une hartantxe agertu zen nire bidean Jaione...
Jaione Elkoro
Eskolan, gelako lagun batzuentzat sufrikario hutsa zen marraztea, margotzea edo esku-lanak egitea. Niretzat aldiz, asteko gauzarik onena zen. Beti izan dut gustuko sortzearekin lotutako guztia. Margotzea, marraztea, argazkiak ateratzea... horregatik eman nuen izena Bilboko Arte Ederretan, lehen urtean gauza guztietatik zertxobait probatuko nuelako.
Eta zoragarria izan zen. Lehen aldia zen etxetik kanpo nengoena, nire kezka berberak zituen jende ugari ezagutu nuen, eta halaxe jarraitu nuen lizentziaturako 4 urteetan, Erasmus-a iritsi zen arte.
Bai, ni ere izan naiz Erasmus ikasleen jai horietako batean... baina gauza ugari ikasi nuen.
Sheffield-en amaitu nituen ikasketak (Erresuma Batuan). Han, film labur batean parte hartu nuen, atrezzo laguntzaile eta kameralari gisa, eta estra gisa ere aritu nintzen. Ikasturte-amaierako proiektua egin nuen, eta hala, ikasten jarraitzea erabaki nuen: Barne Diseinua ikasiko nuen, Bartzelonan.
Film laburreko barrualdeak diseinatzeak harrapatu egin ninduen, eta barne-diseinua ikas nezakeela pentsatzea... aldi berean, gainera, kultur eskaintza ezin interesgarriagoa zuen hiriak, diseinu ikusgarriak ezagutu ahal izango nituen, eguraldi onarekin eta hondartzarekin gainera. Hala, maletak hartu eta Bartzelonara joan nintzen, eta hantxe ikasi nuen Barne Diseinua.
Ikasketak amaitu eta denbora gutxira, Euskal Herrira itzuli nintzen, zirimiriaren herrira. Curriculum mordoa bidali nuen, eta berehala deitu zidaten Gasteizko estudio batetik. Mertxe izeneko neska beltzaran eta begi argidun batek ere hantxe egiten zuen lan. Asko ikasi nuen harengandik, eta orain ere, halaxe egiten jarraitzen dut. Oso ondo moldatu ginen elkarrekin, eta talde-lanean hasi ginen berehala. Biok bakarrik geunden, nagusiak dena gure esku uzten baitzuen. Beraz, elkarri asko lagundu behar izan genion... eta halaxe ikasten dira gauzak.
Esaten genuen bezala, gure bideak gurutzatu egin ziren, eta egia esan, maitemintzea bezala izan zen, ikuspegi profesional batetik; gure talde-lanak ezin hobe funtzionatzen zuen, nire proiektuak Mertxeren iritziekin aberasten ziren, eta alderantziz... berebiziko ekipoa sortu genuen.
Halako batean, gure nagusiak Gasteiztik kanpora joatea erabaki zuen, huraxe gure patua. Ez zitzaigun batere kostatu pauso bat aurrera eman eta geure estudioa sortzea. Batzuetan bihotzari entzun behar zaio; izan ere, maitemin profesional hartatik sortu zen OPPS!!!!, ilusioz eta proiektuz betea, eta lanerako gogoz. Lau urte geroago, hiru seme-alaba izan ditugu, eta beste bat dago bidean. Balantzeak ezin du positiboagoa izan, ezin dugu gure burua beste zerbaitetan irudikatu. Kontrakoa, etengabe buruari eragiten diogu, bezeroei ideia berriak eskaini ahal izateko.